Ikastolen jaiak. Prentsa agerraldia

Azkenean, aurten ez dira ospatuko ikastolen jaiak. Atzo egin zen agerraldi batean iragarri zuten atsekabez baina erantzukizunez hartutako erabakia. Kanbon egin zen prentsaurrekoa, Ikastolen Elkarteko, Seaskako eta Herri Urratseko ordezkariak bertan zirela. Lerro hauen azpian dituzue, Ikastolen Elkartearen izenean Koldo Tellitu lehendakariak emandako azalpenak:

 

Ikastolen jaiak, prentsa agerraldia

Gaurko deialdia berezia dugu.  Ikastolen Elkartetik dei egin dizuegu, ikastolen jai guztien izenean, eta Seaskako eta Herri Urratseko arduradunak ere hemen daude; beraiek antolatu behar zuten, kronologikoki, udazkeneko ikastolen lehenbiziko jaia.

Eta zer geratzen zaio esateko Ikastolen Elkarteko ordezkariari Seaskakoak eta Herri Urratsekoak entzun ondoren?, ba ezer onik ez…

Pentsatuko zenuten moduan, ez gatoz ikastolen udazkeneko jaiak aurkeztera. Zoritxarrez, jakinarazi nahi dizuegu ezin izango dugula aurtengo ikastolen jairik ospatu. Alegia, Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Kilometroak ez dira ospatuko.

Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian abuztu eta irailerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea.

Uneotan beste lehentasun handi batzuk ditugu, laster gure ikasleak ikasgeletara itzuli behar dira, eta larrialdi egoera hau amaitu bitartean, ezingo dugu ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik.

Aurten, beraz, ez ditugu gure jaiak ospatuko, Hori bai, jai bakoitzari ziklo amaiera egokia emango diogu, batez ere ikastola antolatzaile bakoitzeko komunitateari zuzendutako ekitaldi xume eta herritarren bidez. Jaiak ospatu behar ziren herri bakoitzari eskerrak emateko ere baliatuko ditugu ekitaldiok.

Era berean Ikastolen Elkartearen baitan, bost jaietako arduradun eta ikastola antolatzaileekin batera, aztertzen ari gara Euskal Herriari, gure herriari ekitaldi handi bat eskaintzeko aukera, euskaran eta euskal kulturan oinarritutako ekitaldi bat. Aurten ezin izan dugu herriari gure ekarpenik egin, ezin izan dugu Herriarekiko, euskal gizartearekiko, dugun konpromisoa bete, eta horrelako ekitaldi baten bidez, gure herria konpentsatu nahi dugu. Egun edo aste batzuk hartuko ditugu hau dena taldean aztertu eta erabakiak hartzeko. Talde mailan hartuko ditugu erabakiak eta jakinaraziko dizkizuegu.

Guretzako jai hauek oso garrantzitsuak dira. Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean harremanak estutzeko erabiltzen ditugu, euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu, euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu, eta, era berean, hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu. Eta aurten ezin izango diegu euskarari eta euskal kulturari gure plaza eskaini eta, jakina, ezin izango dugu finantzazio gehigarririk lortu; aitzitik, galerak izango ditugu jai hauek ospatu ezin ditugulako.

Uneotan, lehen aipatu bezala, beste lehentasun handi batzuk ditugu. Baina, era berean, ezin ditugu ahaztu, bost jai hauek ospatu zitezen lanean buru belarri aritu diren boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diren guztiak, gure babesleak. Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta guztiak aintzat hartuko ditugu hurrengo urteetan gure jaiak egiten ditugunean.

Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu desiratzen gaudela gure poza zuekin partekatzeko, gure jaiak zuei eskaintzeko, elkar ikusi eta besarkatzeko.

Eskerrik asko