Kilometroak eredu berriaren aurkezpena

Kilometroak jaiaren eredu berria aurkeztu da, martxoaren 17an, Zumarragan, Zelai Aristi aretoan egin den ekitaldian. Bi urteko azterketa eta gogoeta prozesu baten emaitza da Zumarragan aurkeztutakoa, eta lurraldean bertako ikastolen artean eta ikastolen gainontzeko jaiekin batera aurrera eramandako prozesuaren baitan kokatzen da.

Kilometroak jaiaren eredu berria 2020an martxan jartzea aurreikusten da.

Abiapuntua

Kilometroak jaiak 40 urteak beteak ditu, eta urterik urte hutsik egin gabe ospatu da Gipuzkoako ikastolen jaia. Une egokia ikusi zen urteurren horren harira egindakoaz hausnartu eta etorkizunari begira jartzeko. Era berean, beste lurraldeetako jaiek ere hasi zuten gogoeta prozesua. Ikastolen Elkartearen baitan partekatzen ari dira gogoeta horiek eta aterki beraren azpian ari dira garatzen. Dena den, lurralde bakoitzeko jaiak bere erritmo eta ezaugarriak ditu. Kilometroak jaiak amaitu du prozesua, eta horren aurkezpena egin du gaur.

Euskalduna, herritarra, hezkuntza eredu propioa duena eta eraldatzailea. Horiek dira ikastolen lau ezaugarri nagusiak. Kilometroak jai berria ezaugarri horien inguruan ardaztea proposatu da.

Era berean, urteko ekintzetan zein Kilometroak egunaren antolaketan ezaugarri horiek bermatuko dira; ahalegin berezia egingo da auto-ekoizpena sustatzeko, ikastoletan urtean zehar landutako sorkuntzari erakusleiho bat eskainiaz, Kilometroak egunean. Bide honetan, herriko zein bestelako eragile desberdinekin ere lan egingo da.

Parte-hartze aktiboa sustatu eta garatuko duten egitasmoak gauzatzen saiatuko da.

Gaur egun Kilometroak jaia antolatzeko 1.500-2.000 pertsona boluntario aktibatzen dugu. Auzolana ikastolon ezaugarri garrantzitsua da, kooperatibagintza enpresa antolaketa baino harago doalako.

Helburua

• Jai hauetan Ikastola Ereduarekin bat datozen baloreak bultzatzea nahi da; horrela, jaia gizarteari ikastolen hezkuntza eredua aurkezteko baliatuko dugu, gure-gureak diren ezaugarriak erabiliz: auzolana, herrigintza, kooperatiba izaera, euskara eta  euskal kultura …

• Era berean, Gipuzkoako ikastolen arteko sinergia bultzatu nahi da, eta ikastolen inplikazioa eta presentzia ageriago jarri nahi dira.

• Ikastolek urtean zehar orain arte sortzen dituzten adierazpen kultural eta artistiko ezberdinak biltzea eta hauei plaza bat eskaintzea Kilometroetan, egindako lanari erakusleiho bat eskainiz eta ikastoletan egiten dugunaren balioa goraipatuz. Nolabait esan, ikastolen mugimenduan etengabe Kultura elikatzen duen dinamika sustatzeko “harrobi kulturala” landu nahi dugu.

Ezaugarriak

Egin den hausnarketa prozesuaren ondorioz, etorkizuneko Kilometroak jaiaren eredu berriak ezaugarri hauek barne bilduko ditu:

• Ludikotasunean oinarritutako jaialdi/prozesua izango da

• Orduz kanpoko ekintzetan eta aisialdian euskararen erabilera sustatuko du

• Jai txikien bitartez antolatutako jaialdi/prozesua izango da

• Adin guztientzako eskaintza izango du

• Auto ekoizpen kulturala bultzatuko du

• Ikastoletatik modu parte-hartzailean landutako jaialdi/prozesua izango da

• Ikastolen arteko harremana bermatzeko jaialdi/prozesua izango da

Urtero bi jaialdi mota antolatzea planteatzen da:

• Jaialdi txikiak, eskualde mailakoak. Gipuzkoako ikastola guztiak izango dira antolatzaileak.

• Herrialde mailako jaialdi nagusia (Kilometroak jai berritua); ikastola bakarra izango da antolatzailea.

Bi jaialdi hauek elkar lotuta egongo dira, hau da, jaialdi txikiak azken jaialdira iristeko aberasteko prozesua izango da. Urte osoko antolaketa izango du, beraz, Kilometroak jaiak, eta ardura bakarra ez da ikastola antolatzailearen esku egongo; aitzitik, Gipuzkoako ikastola guztiak izango dira prozesuaren parte eta arduradun.