Orereta Ikastolak bildu ditu 13.000€ Iparraldeko ikastolentzat

Abenduaren 22an egin zen, Orereta Ikastolak antolatuta, Benito Lertxundiren kontzertua Galtzarabordako Kiroldegian. Herrian 27 urte jo gabe egon eta gero, oso harrera beroa jaso zuen Orioko artistak: sarrera guztiak agortuta, emozioz beteriko bi orduko emanaldia osatu zuen. Xanti Moriones Orereta Ikastolaren Lehendakariak egin zuen hitzartzean azpimarratu zuenez, “Euskal Herri euskalduna eraikitzeko lan honetan, mugarik gabeko lana ezinbestekoa da”. Horixe da Orereta Ikastolak abian duen “Zubiak” egitasmoaren xedea ere.

Urruña, Hendaia, Biriatu eta Ziburuko ikastolei laguntzeko 13.000 € lortu dira kontzertuari esker. Orereta Ikastolak bihotzez eskerrak eman nahi dizkie eta zoriondu nahi ditu ekimena antolatzen aritu diren ehunka herritarrak, babesleak, irakasleak, ikasle ohiak, langileak eta gurasoak. Baita, jakina, artista eta bere lantalde osoa ere. Errenteriako Udalari eta Oninart komunikazio taldeari ere aipamen berezia egin nahi die Ikastolak, euren laguntzagatik. Morionesen hitzetan, “Herritarren erantzuna ikusgarria izan da, eta indarra ematen digu bi lanetan jarraitzeko: gure herriaren alde aritzeko, gure proiektu pedagogikoa eta herrigintza uztartuz, batetik; eta, bestetik, Euskal Herria euskalduna eraikitzeko bidean, zubiak eraikiz eta zubiak zeharkatuz jarraitzeko.”

Bildutako diru hori guztia, orain, Ipar Euskal Herriko ikastoletan dauden beharrei erantzuteko erabiliko da. “Hango proiektuak posible egiteak, gurea ere posibleago egiten duelako; haiena eta gurea, azkenean, bide berdina delako”, adierazi du Morionesek.

Aitor Axperen Hitzaldia otsailaren 1ean, 18:00etan Niessenen

Otsailaren 1erako Hitzaldia antolatu du Orereta Ikastolak, 18:00etan, “Hezkuntza eta Arkitektura. Espazioa hezkuntzaren zerbitzura” izenburuarekin Aitor Axpe Arkitekto eta irakasleak eskainia. Espazioa eta metodologia berriak, senetan oinarritutako heziketak,  Hezkuntza espazioetan, metodologia aktiboek dakarten eraldaketa eta hainbat gai jorratuko dira bertan.

Ate Irekiak Urtarrilaren 24 eta 25ean 18:00etan Linon

Orereta Ikastolak gogorazten du“Bizitzen ikasi, ikasi bizitzen” izango da aurtengo Orereta Ikastolaren Matrikulazio Kanpainaren leloa. Haurrak Orereta Ikastolan matrikulatu nahi dituzten gurasoek urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra bitarte izango dute aukera, Koldo Mitxelena Plazako (Esmalteria) Ikastolaren egoitzan 9:30etik 12:30era eta 15:30etik 17:30era. Gainera, 943513346 eta 943520397 telefonetara deituta edo matrikulazioa@oreretaikastola.eus helbidera idatzita eska daiteke informazioa. Web orrian ere www.oreretaikastola.eus argipen ugari izango dira.

Hori baino lehen, Ate Irekiak egingo dira, Orereta Ikastolaren proiektu pedagogikoa ezagutu eta zalantzak partekatzeko. Euskaraz urtarrilaren 24an 18:00etan Santa Clarako (Lino) Ikastolaren egoitzan. Eta gazteleraz urtarrilaren 25ean ordu eta toki berean.