Abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu Herri Urratsek
Jalgi da 2016ko Herri Urratsen leloa, eta hitz bera erabili dute Jalgi abestian. Jon Garmendiak idatzi du letra, eta Esne Beltzak egin du musika. Talde ezagun horrezaz gain Seaskako ikastoletako eta lizeoetako ikasleek eta Errumaniako Fanfare Ciocarlia talde ezagunak ere parte hartu dute abestiaren grabaketan.
Bideoklipa, berriz, Ateka Films-eko Joana Asurmendik egin du, eta Esne Beltza taldeko kideek eta Bernat Etxepare lizeoko eta Oihana ikastolako ikasleek hartu dute parte. Baiona Ttipiko kaleetan egin ziren grabazioak.
Gaurko aurkezpenean izan dira Esne Beltza taldeko Xabier Solano, Joana Asurmendi eta Seaskako lehendakari Paxkal Indo eta Herri Urratseko kolehendakari Daniel Laxague.
Xabier Solanok adierazi du ohore handia izan dela taldearentzat aurtengo Herri Urratseko abestia egitea, txikitatik bizi izan duten jaia delako Seaskako ikastolen alde Senpereko lakuaren inguruan egiten dena. Eta jaia izaki, abestiak ere jai giroa islatu nahi izan duela esan du Solanok, abesti alai eta festarako egokia dela.
Ikastolen festaren doinua etxetik abiatuta mundura jalgiko da aurten. Izan ere Esne Beltzak nazioartean ezaguna den Fanfare Ciocarlia talde errumaniarra gonbidatu du kantua musikatzeko. "Festa giroa" ematen lagunduko duten musikariek Hong-Kongetik grabatu zuten kantuan dagokien partea, euskal taldeak Donostiako estudioetan egiten zuen bitartean.
Maiatzaren 8an
Maiatzaren 8an izango da aurtengo Herri Urrats, urtero bezala, Senpereko lakuaren inguruetan. Aurtengo ekitaldian bilduko den dirua Baionako lizeo berria finantzatzeko erabiliko da. Hamar milioi euroko inbertsioa egin behar du Seaskak lizeo berrirako. Diru horren zati garrantzitsu bat Akitaniako Kontseiluak jarriko duen arren, hiru milioi eurotik gora jarri beharko ditu Seaskak.
Herri Urrats baino astebete lehenago, apirilaren 30ean, bertso saio berezi bat ere egingo da, arratsaldeko 18:00etan. Iaz bezala, Herri Urrats sustengatzeko bilduko dira Euskal Herriko bertsolarien ezagunenak Baionan: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta Andoni Egaña. Txartelak (10 euro helduentzat / 5 euro haurrentzat) ikastola guzietan salgai izango dira, baita ere Baionako Antzokian eta Elkarren.