Bosgarren OINEZ BASOA inauguratu da Gainekolan
Baztan Ikastolak Oinez Basoa inauguratu du.
Iaz Nafarroa Oinez antolatu zuen ikastolak karpe eta loro espezie babestuekin basoberrituko du Gainekola herri lurra
Apirilaren 3an, goizeko hamarretan oinez abiatu dira Otsondoko mendateko atseden gunetik Gainekolaruntz. Euskararen aldeko basoa ezagutzeko bertaratu dira Baztan Ikastolako ikasle, guraso, ikasle ohi, irakasle zein Baztan Ikastolako lagunak. Behin Gainekolara iritsita, inaugurazio ekitalditxoa ospatu dute. Bertan ere, Lodosa eta Viana ikastoletako ordezkariak, Nafarroa Oinez 2016ko antolatzaileak direnak, NIEko ordezkariak, Baztango alkatea eta Nafarroako Ingurumen kontseilaria izan dira.
Ondoren Baztan ikastolako ikasleek Zuhaitz landaketa egin dute, eta bertaratutako guztiek hamaiketako goxoa hartu dute baso berrian Otsondora bueltatu aurretik.
Bederatzi hektareako azalera basoberrituko du Baztan Ikastolak Gainekola herri lurrean eta bi landare mota babestuz osatuko du basoa: erramu portugaldarra edo loroa (Prunus lusitanica) eta karpea edo pago-lizarra (Carpinus betulus). Loroa Nafarroan harrapatzen ahal den toki bakarra Baztanen dago, Urritzate eskualdean. Eta Iberiar Penintsulan gutxitutako landarea da. Eta pago-lizarra, berriz, Pirinioetatik beheiti Iberiar Penintsula osoan, basa bakarrik harrapatzen ahal da Bortzirietan, Igantzi eta Arantza artean.Baztan Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortu duen bosgarren basoa da, 2008an Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi-efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.
Erabaki hori hartu zenetik gaur egun artio, lau baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran eta baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan.